2015(e)ko azaroaren 29(a), igandea

ELKARTEAK

Dislexiaren inguruan diarduten hainbat elkarte bereizten dira mundu osoan zehar. Hauen lana, alterazio hau sufritzen duten umeek gainontzekoen aukera berdinak izatea da, ahanztura batean jausi gabe. Euskal Herrian, adibidez, Dislebi izeneko elkartea existitzen da, eta bertan, argitasun handiz, hainbat gauza aldarrikatzen dituzte:
  • Ez dira alferrak
  • Ez dira heldugabeak
  • Ez dira traketsak


Asoziazio hauek, senitarteko, irakasle eta pedagogo desberdinez osatuta daude, eta hainbat puntu landu eta aztertzen dituzte bertan. 

Jarraian, Dislebik interneten daukan blog-aren link-a eskegi dizuet, interesatzen bazaizue begirada bat bota diezaiozuen.

http://dislexiaeuskadi.com/

Azkenik, Euskal Herria alde batera utziz, Espainia mailako autonomia erkidegoen elkarteen zerrenda jarraian txertatuko dut. Orrialde interesgarriak dira, beraz, denbora apur bat badaukazue sartu eta informatu!

http://www.ladislexia.net/asociaciones-espana/

2015(e)ko azaroaren 22(a), igandea

DISLEXIAREN SINTOMA BATZUK




Gaur aurkeztuko dudan sarrera honetan, apur bat dokumentatu eta gero aurkitu ditudan dislexiaren sintoma batzuk aipatuko ditut. Jakin badakigunez, hauek beharrezkoak dira edozein alterazio identifikatzeko; horregatik, jarraian txertatuko ditudanak argi geratzea eta erabilgarriak izatea espero dut.

Sintoma orokorrak
- Psikomotrizitate arazoak: Dislexia jasaten duten umeak traketsakoak izateko joera dute mugimendu desberdinak egiteko momentuan. Erritmo edo oreka falta arazo psikomotrizen adibiderik argienak dira.

- Pertzepziozko arazoak: Beraien gorputz propioaren posizioa zein den hautematea kosta egiten zaie. Hori dela eta, askok, arazoak izaten dituzte inguratzen dituzten objetuen egoera (goian/behean, aurrean/atzean) eta beraiekiko duten posizioa zein den jakiteko.

- Atentzio falta: Ikasketan zailtasunak dituztela eta egin behar duen esfortzua izugarria dela ikusteak ikasketekiko desinteresa handitzen du. Honek, proposatu diren helburuak ez lortzera bideratzen ditu, beraien ikaskideen erritmoa jarraitzeko zailtasunak izanez.

Sintoma konkretuak
- Gauza desberdinak irakurtzeko edo idazteko arazoak (Hitzak, esaldiak...)
- Hitz, zenbaki edo letra desberdinak alderantzizkatzea.
- Hitz berdina modu desberdinetan idaztea.
- Hitz bat gaizki idatzita dagoela identifikatzeko zailtasuna izatea.
- Hitz bat esan nahi dutenean beste bat esatea.
- Ezkerra eta eskuina desberdintzeko zailtasuna izatea.

Ondoren gehitu dudan bideoan, dislexia egoera baten sintomak modu oso praktikoan azaltzen ditu.




Azkenik, norbaiti interesatzen bazaio, hemen jarri dudan informazioa hurrengo linketatik atera dut:
- http://www.dmedicina.com/enfermedades/psiquiatricas/dislexia.html
- http://www.webconsultas.com/dislexia/sintomas-de-la-dislexia-753


2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

PERTSONA HURBIL BATEN ESPERIENTZIA

Nigandik oso hurbila den pertsona batek dislexia sufritu zuen. Gaur egun 21 urte ditu eta bere esperientzia hurrengo hau da.

Bost urte zituela diagnostikatu zioten dislexia. Hori dela eta, akats honi aurre egiteko prozesu bat jarraitu behar izan zuen. Eskolan laguntzazko irakasle bat esleitu zioten, eta honek, irakasgai guztietan hartzen zuen parte. Eskolatik kanpo, berriz, logopeda baten laguntza izaten zuen.

Berak dioenez, zenbakiak eta letrak desberdintzea asko kostatzen zitzaion. Horregatik, ulermen eta idazmen arazo ugari zituen, zentzurik gabeko esaldiak idatziz, eta irakurtzen zuena ulertu gabe. Letra eta zenbaki konkretuak desberdintzea asko kostatzen zitzaion.

Arazo honek, noski, bere autoestimuan ondorio latzak ekarri zituen. Gainontzekoen aurrean sarri kikiltzen zen, eta bere ikasteko ahalmena besteena baino baxuagoa zela uste zuen uneoro. Desmotibazio hori sentitzeak, bere burua diskriminatzea ekarri zuen, zituen bertuteak alde batera utziz.

Laguntza-irakaslearen zeregina, klaseko erritmoa jarraitzen laguntzea zen. Aurretik aipatu dudan bezala, irakasgai guztietan hartzen zuen parte, eta ariketak ulertarazten eta elementuak desberdintzen laguntzen zion.

Logopedara, berriz, astean behin zihoan, eta bertan hainbat jarduera desberdin jorratzen zituen. Hauek ahoskatzearekin, alfabetoarekin eta zenbakiekin zeuden lotuta, eta berak dioenez, ez zuten konplexutasun handirik; oinarri batetik abiatzen ziren.

Jarduera desberdinak egiten zituen; horietako batzuk alfabetoko letrak desberdintzekoak ziren, eta enfasi handia jartzen zuten bertan, izan ere, hau idazmen eta irakurmenerako oinarria da. Bestetik, ahoskatze ariketak ere lantzen zituzten; bere arazorik handiena R letra izan zen, hura ahoskatzea oso zaila egiten baitzitzaion.

Garrantzitsua da aipatzea, logopedan lantzen zituen alderdiak elkarekintzan jorratzen zituela. Hau da, ez ziren desberdintzen, guztiak batera lantzen ziren, honela, progresio oso bat lortuz.

Azkenik, gaur egun arazo hau gaindituta badauka ere, idazmen eta irakurmenean ez du erreztasun handirik. Letrak eta zenbakiak desberdintzen dakien arren, hauekin zer ikusia duten jarduerak egitean ez da guztiz eroso sentitzen. Zer esanik ez, hizkuntza aldatzen badu. Ingelesez hitz egin edo idaztea zaila egiten zaio askotan, guztiz menperatzen ez duen hizkuntza bat baita.

Hala ere, arazo hau iragana dela esan daiteke. Gaur egun ingenieritza gradu bat ikasten ari da, eta bere emaitzak ezin hobeak dira orokorrean. Beraz, jarraitzekoa den eredu baten aurrean gaude, lana eta esfortzua bateratuz arazoa gainditzea lortu baitu.


2015(e)ko azaroaren 1(a), igandea

HURBILEKO KASU BATEN GOGOETA

Lehen Hezkuntzako praktikak egiten egon naizen aldian, dislexia duen ikasle batekin lan egitea egokitu zait. 

Arazo hau dela eta, klaseko erritmoa jarraitzea apur bat kostatzen zaio, eta horregatik, PT eta Aholkularien laguntza jasotzen du. Hauen lana, klasean azaltzen diren kontzeptuak eta egiten diren ariketak hobeto ulertzen laguntzea da.

Hortaz gain, ikasle honen hezkuntzan parte hartzen duten pertsonek jarraipen zuzen bat egiten dute, honen hobekuntzak eta zailtasunak aztertuz. Horregatik, puntu ahulen bat aurkitzen dutenean, bertan zentratzen dira hobekuntzak ikusten dituzten arte.

Egin dudan behaketan, dislexiak bigarren mailako arazoak dakartzala ondorioztatu dut. Horietariko bat, ume hauek jende aurrean oso erraz kikiltzen direla da. Jorratzen dituzten jarduerak jendearen aurrean aurkeztea ez zaie bat ere gustatzen, izan ere, dena gaizki eginda dagoela pentsatzen du. 

Hori dela eta, galdera bat datorkit burura: Dislexia moduko arazoek eragina al dute auto-estimuan?

Auto-estimua gure izaeran oso garrantzitsua den zati bat da, eta pertsonak egonkorrak izan gaitezen, hau bere maila egokian mantentzea ezinbestekoa da. Irakurri berri ditudan artikulu batzuetan, dislexiaren ondorioetariko bat auto-estimu baxua dela azaltzen da, eta eskolan, dislexia sufritzen duten umeek lortzen dituzten emaitza negatiboek erlazio zuzena dute ondorio honekin. Beraien burua diskriminatzeko joera dute, oinarrizko gauzak ikasteko egiten duten esfortzuak emaitza onik ez duela ikusten dutelako.

Beraienganako konfiantza galduz doaz, hori dela eta, hurbil dituzten pertsonengatik maitatuak eta lagunduak izatea ezinbestekoa da. Beraien eskola errendimendua ez zaie aurpegiratu behar, eta bakoitzak bere ikasteko erritmoa duela barneratu behar dute. Egoera hau normaltasunez aurrera eramaten badugu, umeak erosoago sentituko dira, bai beraiekin baita beraien inguruarekin.

Hala, dislexia sufritzen duen umearen inguruko pertsona guztiek dugu paper garrantzitsua egoera honetan. Gure laguntza azpimarratzekoa da kasu guztietan, maitatuak eta lagunduak sentituz errazago gainditzen baita dena.  

Erin Brockovich, defendatzaile eta abokatua: "Cuando alguien que te está ayudando se frustra, no lo permitas. Apártate porque no puedes aprender nada estando bajo presión. ¡Y no te preocupes de la etiqueta [dislexia]!".