2015(e)ko azaroaren 10(a), asteartea

PERTSONA HURBIL BATEN ESPERIENTZIA

Nigandik oso hurbila den pertsona batek dislexia sufritu zuen. Gaur egun 21 urte ditu eta bere esperientzia hurrengo hau da.

Bost urte zituela diagnostikatu zioten dislexia. Hori dela eta, akats honi aurre egiteko prozesu bat jarraitu behar izan zuen. Eskolan laguntzazko irakasle bat esleitu zioten, eta honek, irakasgai guztietan hartzen zuen parte. Eskolatik kanpo, berriz, logopeda baten laguntza izaten zuen.

Berak dioenez, zenbakiak eta letrak desberdintzea asko kostatzen zitzaion. Horregatik, ulermen eta idazmen arazo ugari zituen, zentzurik gabeko esaldiak idatziz, eta irakurtzen zuena ulertu gabe. Letra eta zenbaki konkretuak desberdintzea asko kostatzen zitzaion.

Arazo honek, noski, bere autoestimuan ondorio latzak ekarri zituen. Gainontzekoen aurrean sarri kikiltzen zen, eta bere ikasteko ahalmena besteena baino baxuagoa zela uste zuen uneoro. Desmotibazio hori sentitzeak, bere burua diskriminatzea ekarri zuen, zituen bertuteak alde batera utziz.

Laguntza-irakaslearen zeregina, klaseko erritmoa jarraitzen laguntzea zen. Aurretik aipatu dudan bezala, irakasgai guztietan hartzen zuen parte, eta ariketak ulertarazten eta elementuak desberdintzen laguntzen zion.

Logopedara, berriz, astean behin zihoan, eta bertan hainbat jarduera desberdin jorratzen zituen. Hauek ahoskatzearekin, alfabetoarekin eta zenbakiekin zeuden lotuta, eta berak dioenez, ez zuten konplexutasun handirik; oinarri batetik abiatzen ziren.

Jarduera desberdinak egiten zituen; horietako batzuk alfabetoko letrak desberdintzekoak ziren, eta enfasi handia jartzen zuten bertan, izan ere, hau idazmen eta irakurmenerako oinarria da. Bestetik, ahoskatze ariketak ere lantzen zituzten; bere arazorik handiena R letra izan zen, hura ahoskatzea oso zaila egiten baitzitzaion.

Garrantzitsua da aipatzea, logopedan lantzen zituen alderdiak elkarekintzan jorratzen zituela. Hau da, ez ziren desberdintzen, guztiak batera lantzen ziren, honela, progresio oso bat lortuz.

Azkenik, gaur egun arazo hau gaindituta badauka ere, idazmen eta irakurmenean ez du erreztasun handirik. Letrak eta zenbakiak desberdintzen dakien arren, hauekin zer ikusia duten jarduerak egitean ez da guztiz eroso sentitzen. Zer esanik ez, hizkuntza aldatzen badu. Ingelesez hitz egin edo idaztea zaila egiten zaio askotan, guztiz menperatzen ez duen hizkuntza bat baita.

Hala ere, arazo hau iragana dela esan daiteke. Gaur egun ingenieritza gradu bat ikasten ari da, eta bere emaitzak ezin hobeak dira orokorrean. Beraz, jarraitzekoa den eredu baten aurrean gaude, lana eta esfortzua bateratuz arazoa gainditzea lortu baitu.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina